XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Castor egia eta gezurraren artean banatutako gizona da.

Kontatzen duenaz fido dela ematen du azaltzen dituen masail-keinu eta hatzen mugimenduengatik.

Airezko paretetan pintatzaile edo ikustezinen orkestra batetako zuzendari traza hartzen diot orduan.

Egunero jan gelan gosariko txokolate edo kafesnea hartzen ari garelarik, berak esaten dio entzun nahi duenari Napoleonen idazkaria izan zela Italia eta Errusiako kanpainetan eta etorriko dela berari deituko dion eguna, aspaldian bezalatsu Europaren alde biok lanean hasteko.

Eta beltz eta ijito guztiak kanpora bidaliko dituztela, urrutira, gehiago itzul ez daitezen.

Arrazista hutsa da eta istorioak asmatzen aritzen da beraienganako gorroto eta higuina adierazteko.

Atzo, beti da atzo hemen, gorputzean eta buruan deabrua dutela beltzek esan zion Polux bere anaia bizki eta erizainari, ikara zedin.

Gizon zuriek, zuhurrak izaki, ziria sartu omen zioten lurrean galdu zen deabru bati, borondatez motz zela eta maliziaz asebeterik zetorrela berehala konturatu bait ziren.

Jakin zuten harenak ez zirela intentzio zuzenak, izpiritu izanik, gorputz batetan desiratzen bait zuen egoitza.

Bildu ziren albroka batetan eta tratu bat zigilatu zuten erretzen duen suaren ondoan: eguerdiko eguzkipean, gizonak biluzik jarri eta haien artekoetan dirdai itsugarri eta ikusgarrienaz nabarmentzen zena, izango zuela deabruak soineko eta etxebizitza.

Zurien artean batek ispilu bat ekarri omen zuen eta haren isladak, errainuek eraginda, nahastu zuen zeharo aingeru errebeldea.

Deabrua ispiluan sartu zen eta hantxe eduki zuten gizon zuriek preso.

Baina halako batetan ispilua beltzei saldu zieten (...).